Hasiera » Proiektuak

 

Oinarrizko Hezkuntzaren Dekretuan agertzen diren hezkuntza gaitasun orokorretatik abiatuta (ikasten ikasteko gaitasuna, hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna, gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna, giza eta arte-kulturarako gaitasuna eta norberaren autonomia eta ekimenerako gaitasuna) eskolak bere eremuetan hauek garatzen laguntzeko dituen mugak gainditzeko atea zabaltzen digu elkartrukatze programak. Norbere identitatearen barruan ixteko joera gainditzeko, aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta, besteak onartu eta ulertzeko aukera ematen digu. Gure eguneroko eremu babestutik Europako errealitate anitzera bidaiatzean gure izaera eta gaitasunak garatzen baititugu. Bestalde, ikasleen adina kontutan izanda, esperientzia berri hau ikastolako bi irakasleekin burutuko dute eta berez prozesua erraztuko du.

Arduradun orokorra:DBHko Ingeleseko irakasleak 

Norentzat: ikasleei zuzenduta.

HELBURUAK

Oinarrizko hezkuntzak, izaera hezitzaileaz gain gauzak egiteko prestatu behar ditu ikasleak eta horretarako ditugu gaitasunak. Hauek, bere barnean hartzen dituzte: trebetasun praktikoak, jarrerak, emozioak eta gizarte arloko nahiz portaerazko elementuak. Zertarako? Pertsonaren errealizazioa eta garapena lantzeko eta herritartasun aktiboa eta gizarte-integrazioa lortzeko. Horretaz gain, elkartruke proiektuaren beste ideia garrantzitsu eta ezinbestekoa ikaslea ukitzen duena da, hau da, ikaslearentzat esperientzia aberasgarria izango delakoan gaude. Bestalde, atzerriko hizkuntzaren erabilera eta ezagutzaren garrantziaz jabetuko dira modu kontziente batean. Azken finean, eleaniztasunaren eta kultura-aniztasunaren dibertsitatea ezagutzeko aukera ezin hobea dela deritzogu. Helburu zehatzak:

  • Gaitasunen garapena
  • Ikasleentzat esperientzia aberasgarria izatea.
  • Komunikaziorako ingelesa erabiltzea.
  • Beste herrialde, kultura, jende, ohitura,… ezagutzea.

 

JOKABIDE ARAUTEGIA

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK
  1. NAN eta pasaportea, osasun txartel europearra.
  2. Maletak: 15kg eta bulto bakarra, ostera, kg bakoitzarengatik 25€, hau da, 2kg, 50€ko isuna ordaindu beharko luke ikasleak. Oso zorrotzak dira kontu honekin. Hegazkinera, bulto bakar bat eraman daiteke
  3. Arropa: hotz handia egin dezake eta komeni da neguko arropa eta erosoa (bizikletan ibili behar direnak) izatea.

 

JOKABIDE ARAUTEGIA
  1.  Atzerrirako bidaia ikastetxeak ikasleentzat antolaturiko bidaia da, hau da, ikastetxeko arauak bidai guztian zehar mantenduko dira.
  2. Elkartrukea taldeko ekintza bat denez, ikaslea behartuta dago prestatutako dinamiketan parte hartzera. Gizabanako zein taldeko kide bezala taldearen segurtasun eta giro ona mantentzearen arduradun da.
  3. Elkartrukean parte hartze duen beste ikastetxearen arauak bete behar ditu, baita familia eta herrialdekoak ere.
  4. Ikasleak arazoren bat sortuko balu edota jarrera arduragabea izango balitz taldearentzat, irakasleentzat zein familiarentzat, irakasleak ikaslea etxera bidaltzeko eskubide osoa du bidaia amaitu baino lehen. Kasu hauetan, irakasleen ardura gurasoei jakinaraztea da. Hau da, bidai extra horrek eragindako gastuak ikasleak edo bere gurasoak ordaindu beharko dituzte.
  5. ikasleren batek dagoen herrialdean legediaren haustura larri bat egingo balu, ikastetxearen ardura bakarra, gurasoei jakinaraztea izango da.

Jokabide arautegi honen helburua taldearen ongizatea bermatzea da. Gure nahia bidaiak eman ditzakeen, eta ziur gaude emango dituela, esperientzia positiboak dira. Elkartrukatzeak ikaslearen hezkuntza integralaren prozesuan duen garrantzia ukaezina da. Beraz, goazen bada, denok disfrutatzera

Gizarteak ingurumenaren krisiarekiko duen sentsibilizazio-maila nabarmen handitu da azken hiru hamarkadetan. Erabiltzen ditugun baliabide asko desagertzekotan dira, gehiegikeriaz ustiatu ditugulako. Gure ekoizpen-jarduerak, sortzen ditugun hondakinen pilaketa dakar eta hondakin hauen kudeaketa, gaur egun, arazo handia bilakatu da, ingurumenari kaltea eraginez eta eragin horrek arriskuan jartzen du Lurraren oreka. Aurten, gure elikatzeko ohiturek ingurumenean eta gizartean izan ditzaketen eraginak   aztertuko ditugu .

Erabaki zabalak eta orokorrak garrantzi handikoak dira, baina gutariko bakoitzaren eguneroko jardun indibiduala onerako aldatzea ere oso garrantzizkoa da. Zaila dirudien arren, herritar askoren ekimen txikiek ekonomia-indarren joera alda dezakete.

Zeintzuk dira eskolako Agenda 21aren helburuak?

Aurten ere ELIKADURA JASANGARRIA gaia aztertuko dugu eta bide horretan honako helburuak jorratuko ditugu.

  • Eskolaren iraunkortasuna eta kalitatea lortzeko balioez eta jokaerez hausnarketa eragin hezkuntza-komunitatean.
  •  Tokiko zein Planetako ingurumen-arazoak aurreikusteko eta ebazteko eta baliabideen erabilera arduratsua egiteko gai diren herritar parte-hartzaileak hezi.
  • Udalerriko erabaki-prozesuetan esku-hartzea bultzatu, Tokiko Agenda 21en parte hartuz.

Gurasoak: zer egin dezakezue etxean? 

Familia lehenbiziko hezkuntza-eremua da eta gurasoak hezkuntza-komunitateko partaideak dira. Gonbidatuta zaudete  ingurumen batzordeko kideak izateko.

Jasangarritasunean Parte hartzea etxean: 

  • Ikastetxeko proposamenetan lagunduz (informazioa, materialak…).
  • Familian egiteko proposatzen diren jarduerak eginez (“etxeko lanak familian”: inkestak, datuen azterketa, kontsumoak murriztu…).
  • Eskolako Agenda 21i buruz informazioa bilatzen eta proiektuan parte hartzen. 
  • Gure etxea jasangarriago egiten:
    •  Arduraz kontsumitzen.
    •  Baliabideak aurreztuz (ura, energia…).
    •  Zaborra murriztuz.
    •  Birziklatzen.
    • Garraio publikoa eta ibilbideak oinez eta txirrinduaz bultzatuz.

 

 

Eskola ordutik kanpo egiten den kirola da, eskola kirola. Kirola lantzeaz gain adiskidetasuna, talde lana, higiene ohiturak eta beste hainbat aspektu lantzea helburu duen eskolaz kanpoko jarduera bat da.

Eskola hitzak, atzean planteamendu ideologiko eta pedagogikoa dauka. Hori ondorengo puntuotan laburbiltzen da:

  • Helburua: kirol ohiturak sustatzea, kirola eginez ondo pasatzea etab. Ahal izan dugun neurrian, kirolak berak barnean daraman lehiakortasuna edota irabazi nahi izateari balioa gutxitu diogu, eta maila berean jardueretan taldeak izan duen asistentzia eta jarrera kokatu ditugu.
  • Guztientzako aukera eskainiko duen ekintza, inongo bazterketarik gabekoa.
  • Eskola Kirolaren legeari jarraituz, garatu den planteamendua da, eta “herriz-herri” formatu ezberdinez erantzuten diona horri.
  • Hizkuntza Normalkuntza Plangintzan landu nahi ditugun helburuei eutsiz, ekintzak euskaraz burutu daitezen lan egiten dugu.
  • Bergarako Eskola kiroleko kudeaketaz, EGOITEK enpresa arduratzen da, eta berau ikastolak sinatuta daukagun hitzarmenean hala jasota dago.

Kirol eskaintza hau lehen hezkuntzako ikasleei soilik dago zuzendua.

Bestalde, eskolako eskola kirol proiektuaren barnean, mendizaletsuna ere badugu. Mendizaletsunaren helburua, haurrak guraso zein adiskideen (ikastolakoak eta ez) laguntzaz naturarekin errespetua lantzea duen helburu, beti ere jarduera fisikoa eginez.

Urtean zehar, mendizaletasunetik ikasleak gurasoengandik lagunduta 10 igandetan mendi ibilaldiak egiten dituzte Gipuzkoako txoko desberdinetara. Honetarako ikastolan bertan, aurrez izena eman behar izaten da.

Jarduera hau lehen hezkuntzako 4, 5, eta 6.mailakoei eta Derrigorrezko bigarren hezkuntzako 1go, 2. eta 3. Mailakoei dago zuzendua.

Arduradun orokorra:Olatz Igartua

Norentzat: ikasleei zuzendua

ANTOLAKETA

Eskola kirolaren antolaketa oso anitza da gure herrietan. Bergarako kasuan, enpresa bat da antolaketarena arduratzen dena, nahiz eta enpresa hori, EGOITEK, momenturo dago bergarako beste ikastetxe eta udaletxeko eskola kiroleko arduradunarekin kontaktuan.

Herriko eskola kirolaren kudeaketan eta antolaketan ondorengoek eramaten dute aurrera:

  • Bergarako eskola kirol kontseilua: Herriko ikastetxe bakoitzeko eskola kirol koordinatzaile bat, Egoitek enpresako eskola kiroleko arduraduna eta bergarako udaleko eskola kiroleko arduraduna.
  • Eskola ezberdinetako zuzendariak, udal zinegotziak eta udal kirol teknikaria.

Eskola kirola programa honen barnean, inguruko beste zenbait herri ere sartzen dira, Elgeta eta Antzuolako eskolak hain justu. Bi herri hauen eta bergarako eskolen artean antolatzen dira larunbatetako partidak, herri guztiak ligaxka berdinetan kokatuz.

Eskola bakoitzak kirol entrenamenduen antolaketaz arduratzen den enpresarekin, gaur egun EGOITEK dena, hitzarmena du sinatua, non hitzarmen horretan, enpresaren zeregina arautzen den. Baina honetaz aparte, eskolon lana da ere ondorengoa da:

  • Kirola egitea sustatzea ikasle zein gurasoengan.
  • Izena emate garaian informazioa eman, diptikoak banatu, izenak jaso, taldeak egin….
  • Batzordeetan parte hartzea.
  • Dena modu egokian joan dadin, beste erakundeekin batera, lanean aritzea.

Bestalde, larunbatetako partidak aldaketa garrantzitsu bat jasan dute. Aldaketa nabarmenena jarraian aurkezten dugun Lehiaketa Sistema izango da. Sistema honek ikasturteko egutegian azaltzen diren kirol guztiak hartuko ditu beregain, bai partiduetakoak eta baita topaketetakoak ere.

Beraz, haurren motibazioa, partaidetza eta asteburuetan kirolarekiko konpromisoa sustatzeko asmoz, irizpide desberdinetan oinarrituz (jarrera, partaidetza, puntuaketa) jardunaldi bakoitzean talde bakoitzaren lana baloratuko da. Alde batetik, jarrera puntuatuko da (joko arauekiko, taldekideekiko, materialarekiko eta arbitroen erabakiekiko errespetua...). Bestetik, partaidetzak garrantzi handia izango du (jardunaldi bakoitzeko taldekide kopurua...). Azkenik, partidu eta topaketetako lehien emaitzak kontuan hartuko dira.

Hau guztia honela izanik, guztion parte hartze eta laguntzaz, egunetik egunera gure eskola kirolaren kalitatea hobetzen saiatuko gara, beti ere haurren hobe beharrez, kirolaren bitartez ondo pasatu eta disfruta dezaten.

Mendizaletasuneko antolaketa zein helburuak aldiz bestelakoak dira. Natura ezagutu eta errespetatzen ikasteko aukera paregabe hau Bergarako Pol-Pol mendi taldea, udaleko kirol teknikari bat eta Bergarako eskola kirol kontseiluaren laguntza eta antolakuntzaz egiten da.

Proiektu honen helburuak ondokoak dira:

  • Natura errespetatzen ikasi
  • Jarduera fisikoaren laguntzarekin naturaz gozatu
  • Lagun giroan ondo pasatu

GURASOEN LANA

Garrantzitsua da gurasoek ere, eskolarekin batera, umeek kirola egin dezaten sustapen lanean aritzea, animatzea, laguntzea,…

Alde batetik eskola kirola dugu. Eskola kirolean gurasoek bere seme- alabak bertara kirola egitera bultzatzeaz gain benjamin eta alebin mailatan larunbatetan egiten diren partidetan entrenatzaile papera hartu behar izaten dute. Gurasoak ez dira derrigortuak joan beharko bertara baina beraien laguntzarik gabe, antlatua dagoen txapelketa mota ez legoke aurrera eramaterik. Horretarako ondoren azaltzen diren zereginak dira gurasoei zuzendutakoak:

  • Larunbatean jokatuko den partida guztietan guraso bat behintzat egotea. Hau horrela dela ziurtatzeko, eskola kiroleko koordinatzaile eta guraso elkarteko arduradunak txandaketa hori antolatu eta guraso guztiei banatzen arduratuko dira.
  • Partidotan ziurtatu behar duguna: partaide guztien parte-hartzea orekatua dela, arbitroekiko jarrera egokia dela, jokalarien artean ez dela liskarrik ematen...

Mendizaletasunean aldiz, gurasoek ez dute horrelako zeregin zehatzik, irteeretara joateko aukera beraiek hautatzen baitute. Antolatzen diren irteera guztietara, kasu berezia ez bada, ikastolan mendizaletasunean izen emandako ikasle bakoitzeko bi senitarteko soilik joateko aukera dago. Mendizaletasunean gurasoen zereginak ondorengoak dira:

  • Eskola kirol koordinatzaileak ahala eskatuta, baliteke inoiz joandakoen zerrenda pasatzea eskatzea eta gero astelehenean berriz ere berari bueltatzea seme edo alabaren bitartez.
  • Seme alaba gazteagoak eramanez gero irteeretara, gurasoaren ardurapean gelditzen seme alaba gazteagoak eramatearen ardura.
  • Senitarteko guztiak, jakinaren gainean egongo dira ikastola ez dela inongo erantzukizunez jabe egingo. Ikastolan izen emanda dagoen ikaslean soilik izango baitu asegurua irteera horietan.

ESKAINTZA

Eskola kirola

3 kategorietan banatzen da:

  • Aurrebenjaminak: lehen hezkuntzako lehenengo zikloa(1go eta 2. mailak). Kirol jolasak eta aurrerago landuko dituzten kirolentzat gaitasun fisiko sinpleak landuko dira. Astean zehar bi saio izango dituzte.
  • Benjaminak eta alebinak: Benjaminak lehen hezkuntzako bigarren zikloa(3. eta 4. mailak) eta alebinak lehen hezkuntzako hirugarren zikloa (5. eta 6. mailak). Bertan kirol desberdinak hasiko dira lantzen.

Urte guztian zehar areto futbola, eskubaloia eta saskibaloia izango dira gehien landuko dituzten kirolak baina noizean behin beste kirol berriak sartzen eta ikasten joango dira: Badminton, boleibola, beisbola, pilota, sare jolasak, atletismoa, ur jolasak etab.

Astean zehar bi saio eta larunbat goizetan partidak izango dituzte. Azken hau aukerazkoa da, astea zeharreko saioetara soilik joateko aukera baitu.

Mendizaletasuna

Jarduera hau bi mailatan banatu genezake:

  • Benjaminak eta alebinak: Lehen hezkuntzako 4, 5, eta 6.mailako ikasleei dago zuzendua. Bertan, urtean zehar, igande goizetan elkartuko dira Gipuzkoako hainbat txoko ezagutzeko. Urtean zehar 10 irteera desberdin egingo dituzte non batzuetan autobusez desplazatu beharko diren eta beste batzuetan aldiz Bergaratik bertatik ekingo dioten ibilaldiari. Maila hauetan ikasleek senitarteko bi eramateko aukera dute irteera guztietara, kasu berezietan izan ezik.
  • Infantilak eta kadeteak: derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta, hain zuzen ere 1go, 2. eta 3. mailakoei. Maila honetan ikasleak senitartekoen laguntzarik gabe joango dira mendi irteeretara eta Pol-Pol mendi taldeko bat joango da beraiekin arduradun gisa. Hauek urtean zehar 6 irteera desberdin egingo dituzte, batzuetan autobusez desplazatuz eta beste batzuetan aldiz, Bergaratik bertatik hasiz ibiltzen.

Bakarkako kirolak

Ikastola bera ez izan arren beste kirol batzuen antolatzailea, taldeek ikastetxeen bitartez egiten dituzte bai izen emateak eta baita kuoten kobratzea ere.

Bakarkako kirolen eskaintza: igeriketa, esku pilota, gimnasia erritmikoa eta karatea.

Jardueren izen emateak

  • Izen emate guztiak ikastetxean egin beharko dira
  • Ikastetxean izena ematen ez duenak, ez du eskola kiroleko lizentzia eskuratuko.
  • Epe bat emango da interesatuek izena emateko eta beste bat baja emateko. Epez kanpo ez dira izen emateak onartuko, ezta bajak ere.
  • Arazoren bat izanez gero izen emate edo kobratzearen inguruan, ikastetxeko eskola kiroleko koordinatzailearengana jo ezazu zuzenean.

ORDUTEGIAK

 

 

Hizkuntza, komunikatzeko erabiltzen dugun tresna izateaz gain, garapen pertsonalerako eta intelektualerako, gizartean integratzeko eta norberaren eta bestearen kultura garatzeko eta ezagutzeko giltza da. Horregatik, hizkuntza, oso ondo zaindu beharreko errekurtsoa dela deritzogu.

Guzti hau kontuan hartuta, hizkuntzen irakaskuntza prozesuan, oinarrizko irizpide metodologikoak darabiltzagu, ikuspegi komunikatiboa ardatz dugularik. 

Arduradun orokorra:Hizkuntza Irakasleak 

Norentzat: Ikasleei zuzendua

HIZKUNTZA HELBURUAK

Gure helburu nagusia, gure ikasleak DBH bukatutakoan funtzio guztiak euskaraz nahiz gaztelaniaz jaso eta sortzeko gaitasuna duten hiztun osoak izatea da.

Euskara eta euskal kultura integrazio eta identifikazio tresna nagusiak dira, eskola jardueraren ardatza eta beste hizkuntza eta kulturekiko errespetu eta elkartasuna adierazteko.

Azken batean, bertako hizkuntzen ezagutza, erabilera eta haiekiko jarrera bermatzea eta hizkuntza gutxituarekiko arreta berezia izatea da planteatzen dena.

Euren neurrien arabera, ikasketa kulturalak, estrategikoak, linguistikoak eta teknologikoak uztartzeko gai diren pertsonak hezi nahi ditugu, inguru sozio- laboralean sartzerakoan beharrezko formazioa izan dezaten.

Horretarako, oinarrizko lau trebetasunetan oinarrituko gara:

  • Ahozkoaren ulermena
  • Ahozkoaren ekoizpena
  • Idatzizkoaren ulermena
  • Idatzizkoaren ekoizpena

HIZKUNTZEN TRATAERA BATERATUA (HTB)

Ikastetxearen helburua ikasle eleanitzak lortzea da. Txiki txikitatik hiru hizkuntza (edo lau) entzun eta erabiltzen dituzte eta horien bidez lortutako ezagutzak ere badituzte.

Hizkuntzak ikastearen oinarrizko helburua ikaslearen komunikazio gaitasuna garatzea da. Hizkuntza ikaskuntzak trukatu daitezkeela egia da eta eremu berean hainbat hizkuntza egon daitezkeela ere bai. Horregatik hizkuntzak modu integratuan landu behar dira.

HTBren helburua hizkuntza bakoitzean landu beharrekoak landu eta bateragarriak diren gaiak guztien artean trukatzea da, betiere bakoitzaren erabilera egokia bultzatuz. Horretarako, hiru hizkuntzetako programak batera egiten saiatzen gara, edukiak partekatuz.

HIZKUNTZEN GAINEKO ERABAKIAK

Ikastolaren “Hizkuntza Proiektua” garatzeko orduan, hizkuntzen gaineko hainbat erabaki hartuta ditugu: hizkuntza bakoitza noiz, zelan eta zertarako irakatsi eta erabiliko den.

Eleanitz- English proiektua euskal  hiztun eleanitzak hezteko asmoarekin abiatu zen.Bi hizkuntza ofizial  izanik, hirugarren bat era integratuan satzea  eta hirugarren hizkuntza honen trebeziak bereganatuak izatea ( idatzizko eta ahozko  oinarrizko kominikazioa) dira proiektu honen helburuak.

Eleanitz-English proiektua metodología eraikitzaile batean oinarrituta dago eta maila eta ziklo desberdinetako ikasleen behar eta premiei erantzuna ematen saiatzen da.

Haur Hezkuntzan Eleanitz-English proiektua “Ready for a story” metodoaren bidez lantzen dugu.

Ready for a story materialaten sortzailea josep Maria Artigal da. Ipuin errazak oinarritzat harturik ikasketari hasiera ematen diogu.Hauek antzeztuz, abestiak ikasiz, muralak landuz, jokoak eta fitxak eginez…ikasketak osatuz joaten gara.

Haurrak ez dute ingelera ikasten, INGELERAZ ikasten dute.Hizkuntza gauza erreal eta motibagarriak konmunikatzeko erabiltzen  denean ikasten baita.

“ Hizkuntzak  ez dira lehendabizi ikasten eta gero erabiltzen, hizkuntzak erabiliz ikasten dira” (J.M. Artigal)

Lehen hezkuntzako lehen zikloan Eleanitz- English proiekuta “ The adventures of Hocus and Lotus” materialaren bidez lantzen dugu. Material hau Birmingham, Amsterdan eta UPV/EHU unibertsitateko adituen laguntzarekin sortu izan da.

“The adventures of Hocus and Lotus” materialaren ardatza ipuina da, ikasleek ipuinak landu eta antzezten dituzte.Hizkuntza idatzia era natural batean sartzen da ipuinak, abestiak, agindu ezberdinak eta ikasleendako ezagunak diren testuak erabiliz.

Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan Eleanitz- English proiektua “Story projects” materialaren bidez lantzen dugu. Material hau Cervantes Institutoaren laguntzarekin sortu izan da.

Ikasleek ipuin , abesti eta hizkuntz jolasen bidez hizkuntzaren gaitasun  ezberdinak garatzen dituzte.

Lehen Hizkuntzako hirugarren zikloan Eleanitz -English proiektua  “ The Explorers” materialaren bidez lantzen dugu. Material hau Cervantes Institutoaren laguntzarekin sortu izan da.

HIrugarren ziklo  honetan giza-zientzia  ikasgaiekin lotutako gaiak  ingeleraz lantzen dira. Ingelera edukiak lantzeko  eta jarduera ezberdinak  egiteko tresna bihurtzen da.

Arduradun orokorra:Ane Miren  Kapanaga

2011-2012 ikasturtean, ARIZNOA GURASO ELKARTEAK “Testu Liburuen Kudeaketa Solidarioa” deritzan programa ezarri zuen ikastolan eta bertan ikaslegoaren %78ak parte hartzen du gaur egun.

Hau da programa honen oinarria: liburuak ARIZNOA GURASO ELKARTEAK erosten ditu (aurretik gurasoei kopuru bat kobratuz) eta programan parte hartzen duten familiei uzten die; Ikasleek arduraz erabiltzen dituzte, hurrengo ikasturtean liburu hoiek beste ikasle batzuk berrerabil ahal ditzaten.

Programa honek bi zutabe ditu:

a) Hezkuntzaren zutabea. Ikastolaren hezkuntza ildoak Solidaritatearen Egitasmoa du proiektor orokor bezala, solidaritatea eta begirunea direlarik bertan lantzen diren baloreak. Honekin batera hain zabalua dagoen “edukitze” baloreaz gain beste balore batzuk transmititzen dizkiegu: ikasleak guztionak diren liburu hoien zaintzale eta erabiltzaileak direla, baina ez jabeak, eta ardura izan behar dutela hurrengo ikasturtean liburu hoiek beste ikasle batzuentzat erabilgarri egon daitezen.

Ikastolak urteak daramatza Agenda 21 Egitasmoaren barruan. Bertan gure eguneroko ekintzek ingurumenean sortzen dituzten ondorioak eta hauek zain kezkagarriak izan daitezkeen ikasten dute; Liburuen berrerabilpenak kontsumo arduratsuaren balorea ere landuko du: birziklatu, lehengaiak aurreztu, hondakinak murriztu.

b) Ekonomiaren zutabea. Lehenengo urtean, programan parte hartu duten familiek ikasleko 70€ ordaindu behar izan dituzte. Kontutan hartuta LH1 eta LH2 mailetatik kanpo beste maila guztietan liburuek 140 eurotik gorako kostua zutela, nabaria da diru aurrerapena.

70 euroko kopuru hori ez da finkoa; Kopuru hori urtez urte aldatuko da hainbat faktoreen arabera:

  • Parte hartzen duten ikasleen kopurua.
  • Berrerabili daitezkeen liburu kopurua.
  • Argitalpenen aldaketak.
  • Erosi behar diren liburuen kopurua.

Beste alde batetik, liburu batzuk urtero erosi beharko dira: liburuan bertan idaztea eskatzen dutenak. Kasu hauetan ere liburuak ARIZNOA GURASO ELKARTEAK erosten ditu zuzenean argitaletxeekin negoziatuz, Ikasleak ikasturte osoan behar dituen liburu arrunt guztiak jasotzen ditu.

Testu Liburuen Kudeaketa Solidarizaren programak araudia bat du eta komenigarria da irakurtzea.

Arduradun orokorra:Guraso Elkartea 

margotzera_eu

 

 

 

 

 

Gure erronka da pertsonaren dimentsio ezberdinak lantzea, eta konkretuki, guztiongan presente dagoen dimentsio espirituala. Hezkuntza Komunitate osora heldu nahi dugu eta guztiok parte hartu dezazuela gurea den helburu horretan.

Alor hau, ikastetxearen egunerokotasunean txertatu egon dadila nahi dugu, geure estiloan eta ez bakarrik egiten ditugun fedearen lanketa dakarten ekintzatan, azken finean, zeharkako modu baten lantzea eta gure ekintzatan isla izango duten baloreetan hezur-mamitzea.

Pastoral arloko proiektua fedea, kultura eta familia integratzeko helburuz egina dago.

Proiektu honen bidez ondorengoak bultzatu nahi ditugu:

  • pertsonaren garapen integrala.
  • arduratsu izatea eta munduko egoeren eta historiarena aurrean jarrera kritikoa izatea.
  • kristau elkarte baten bizi eta hazteko aukera izatea, bere balore eta exijentziekin.

Gure helburua ondorengo ezaugarriak izango dituzten pertsonak heztea da:

  • identitate propioa.
  • jarrera kritikoa eta aukerak egiteko gaitasuna.
  • sentibera eta bizi duten errealitatearekiko konpromisoa.
  • Ebangelioaren deiari irekia eta sustatu nahi dituen baloreei lotura.

Horretarako, ebangelizazio irekia proposatzen dugu, konpromisoa, formazioa eta ospakizun arloak landuz.

Huek dira gure lan ildoak:

  • Erlijio arloa.
  • Ospakizunak.
  • Solidaritatea.

Hemen gure aurtengo urteko lema.

Lema

 Dokumentu interesgarriak topa ditzakezue gure pastoraleko blogean ondorengo loturan.

 BLOG-a ikusteko egin klik hemen

Jarraian, gure aurtengo elkartasun proiektuaren gaineko informazio gehiago daukazue.

Gallinerotik Bergarara

 

Arduradun orokorra:Amaia  Aramendi

Norentzat: Ikasleei zuzendua

“Tutoretza-planak” taldean tutoretza-orduan garatu beharreko curriculumeko orientazio-edukiak antolatzen ditu. Horrez gain, tutorearen esku-hartzea sistematizatzen du, ikasleen banakako eta taldeko jarraipeneko hainbat eremutan, familiekin izan beharreko harremanetan, eta irakasleekin eta kanpoko beste eragile batzuekin dagoen koordinazioan.

Arduradun orokorra:Amaia  Fernandez

Norentzat: Ikasleei zuzendua

HELBURUAK

Tutoretza-lanaren xedea da ikasleak bere burua ezagutu dezala eta onar dezala, sozializazio-prozesua hobetu dezala, erabakitzen eta ikaskuntza-arazoak konpontzen ikas dezala, eta bere proiektu pertsonal eta profesionalaren protagonista senti dadila.

Hortaz, tutoretzan ikasketa-prozesuak daude, eta, hori dela-eta, bere edukiak ditu. Eduki horiek gaikako lau multzotan jaso daitezke, eta etapan zehar garatuko dira. Gaikako lau multzo horiek hauek dira:

  • Garapen pertsonala
  • Besteekiko harremanak
  • Lanbide-orientazioa
  • Ikasketa-prozesuak

GURE LANKETA

Jarduerak ezaugarri ezberdinak dituzten taldeetan aplikatzeko pentsatuta daude, taldean kide berriei, beste herrialde eta kultura batzuetako ikasleei edota zailtasunak dituzten ikasleei integratzen lagundu behar diegunean batez ere. Horretarako, harrera eta integrazio-jarduerak barne hartzen dira ziklo guztietan.

Bestalde, ikasturtean gauza asko konpartitu behar dituzten taldeek “talde” sentitu behar dute. Horregatik, behin eta berriz agertzen dira zereginak banatzeko, erantzukizunak aukeratzeko, arauak lantzeko edo trebetasunak konpartitzen ikasteko helburua duten jarduerak.

Ikastalde batean, halaber, ohituren gaia landu beharra dago: osasun-ohiturak, jarrera-ohiturak (esertzeko, arkatza hartzeko…), ikasteko ohiturak eta abar. Era berean, garrantzitsuak dira ikasgelatik kanpo antolatzeko, ikasten ikasteko edo agenda erabiltzeko metodoak. Horietako batzuk espreski arlo bakoitzean landu behar badira ere, ez dator batere gaizki tutoretzan gogoratzea, lanerako ohiturak eta norberaren zaintzari lotutakoak eskuratzeari eta hobetzeari buruzko jarduera-gunean, hain zuzen ere.

 Azkenik, jarduera asko pertsona, eskola eta gizarte mailako garapenari eta egokitzapenari buruzko jarduera-gunean egiten dira; hori da arloko programazioetan arreta gutxien jasotzen duena. Derrigorrezko hezkuntzaren azken helburuak “pertsonen garapen integrala” izan behar duela ahaztu gabe, garrantzi handia eman behar zaio emozioak, afektibitate-harremanak, arazoei edo gatazkei aurre egiteko moduak eta abar lantzeari (laburbilduta, Hezkuntza Emozionalari).

ORIENTAZIOA

Tutoretza-planaren esparru oso garrantzitsutzat jotzen dugu ikasleek DBHko 4. mailaren amaieran jasoko duten orientazio profesional eta pertsonala. Hori bideratzeko, ikasleek tutoreen laguntzaz euren ahalmen, nahi eta desioak ezagutu eta identifikatzen joateko helburuaz zenbait galdeketari aurre egiten diete.

Horretaz gain, ikastolak gurasoei informazio zehatz eta argiena emateko konpromisoa hartzen du beregain. Gainera, kontuan izanda Mariaren Lagundia Ikastolan ez daukagula DBH ondorenean egin daitekeen ikasketarik, inguruko zentroetan egin daitekeenaren informaziorik ahalik eta osotuena ematen saiatzen gara; horietako ikastetxe batzuk bertan bilera informatiboak ematen dituzte, eta beste batzuetara, gu geu joaten gara ikasleekin. Irekita gaude ere, edozein informazio gehigarri gure ikasleen eta euren gurasoen esku jartzeko.

Ikusi bideoa 

Mariaren Lagundia Ikastolan 1976. urtean eman zitzaion hasiera euskalduntze prozesuari. Hartutako bideari jarraituz eta euskararen normalkuntzaren alde egindako aukera sendotu eta mantentzeko, 1997-98tik gaur arte, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Ulibarri Programan lanean dihardugu, Hizkuntza Normalkuntza Proiektuaren bidez.

Gure helburua, Euskararen erabilera zabaltzea eta sustatzea da. Lanean dihardugu ikastola osatzen dugunon arteko komunikazio hizkuntza euskara izan dadin ( irakasle, irakasle ez diren langileak, guraso eta ikasleak). Horretarako, ikastolako Euskara Batzordeak euskararekin lotura duten gaiak planifikatu, bideratu eta koordinatzen ditu. Ikasleek ere, euren Batzordea eratua dute.

Arduradun orokorra:Nerea  Atorrasagasti

IKASTEKO KOOPERATU / KOOPERATZEN IKASI

 

Gure ikastolak argi dauka eskola inklusiboa izateko bere hezkuntza baliabideak jarriko dituela. Horren aldeko apustua egin du. Inor baztertzen ez duen eskola izan nahi du, hau baita diskriminazio ideiei aurre egiteko modurik onena. Komunitate irekiak eta, azken finean, denontzako lekua duen gizarte inklusiboa sortzeko biderik emankorrena ere bada.

 

Honek gure gelak antolatzeko moduan eragiten du, gelako aniztasunari erantzuteko modu bakarra egitura kooperatiboetan oinarritutako ikasnkuntza baita. Gela modu kooperatiboan antolatzen badugu, ikasle guztiek elkarrekin lan egingo dute, lankidetzan eta elkarri lagunduz. Helburua ikasle guztiek ikasketetan aurrera egitea da eta bakoitzaren ahalmenak ahalik eta gehien garatzea.

 

UNESCOk ere defendatzen du heziketa integrala lortzeko bitartekorik eraginkorrenak orientazio inklusiboa duten eskolak, ikasleengan zentraturiko pedagogia dutenak eta lankidetzan edo kooperazioan oinarritutakoak direla.

 

Bestalde, egitura kooperatibo hauek oinarrizko gaitasunen garapena ere ahalbidetzen dute. Esate baterako, komunikaziorako zenbait konpetentzia (adierazi, argudiatu, entzun, besteen iritziak errespetatu...) eta zenbait giza - konpetentzia (elkarrizketa, eztabaida, taldean lan egin...) ezin dira garatu ikasleek ez badute elkarrekin lan egiteko aukerarik.