Hasiera »

Kaixo lagun:

Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolako komunitatea osatzen dugun guztion izenean agurtu nahi zaitugu gurera bisitan etortzeagatik, modu birtual baten ez bada ere. Euskal Herrian, bisitan datorrenari, geure etxeetan eskaini izan zaion harrera eta arreta eskaini nahi dizkizugu zuri ere.

Etxeari begira jarrita, nora zatoz ba? Lehenik eta behin, 200 urtetik gorako ibilbidea daukan etxeko atea jo duzula esan nahi dizugu. Ez iraganari balio berezia eman nahi diogulako, iragana besterik ez baita, baizik eta gaurdaino iristea eragin diguten ilusioa, ikasle eta familien beharrei erantzun nahia, lana, gizarte aldaketei aurre egiteko gaitasuna eta guztion inplikazioa, besteak beste, azpimarratu nahi ditugulako. Horiek gabe, ezin izango zenuke gaur gure etxea bisitatu, eta horiek dira orain ere gure etorkizunerako oinarri sendoak.

Gure etxeak bi euskarri ditu: kristau baloretan oinarritutako proiektua izatea eta euskara eta euskal kulturan murgilduta egotea. Mundu osoan hedatuta dagoen Mariaren Lagundiako ikastetxe bat gehiago gara, eta hortik gure izaera erlijiosoa, baina beste inon ez bezala, euskara hutsez dihardugun bakarra gara. Horra hor gure proiektuan garrantzi berezia daukaten bi arlo: unibertsaltasuna, elkarbizitza, besteekiko harremana ulertzeko modua, proiektu komun baten atal izatea, eta, indibidualtasuna, pertsona bera izatea proiektu horren ardatz, bere duintasunarekiko errespetuan eta bere garapen osoan.

Baditu etxeak guztion artean eraiki nahi dugun etorkizunari begira irekita dauden makina bat leiho eta ate, hainbat ilusio partekatu gordeta dituzten kutxak, ikasi eta hobetzeko aukera bihurtuko ditugun zailtasunak dituzten armairuak, edota beste mila kolore eta zirrikitu ere..., baina, ñabardura horiek jasotzeko, bisitarekin jarraitzera animatzen zaitugu.

Ongi etorri ba gurera, eta nahiago baduzu, laga birtualtasunak, etxean bertan ere gustura hartuko zaitugu eta. Ondo izan!!!

ZUZENDARITZA

Berrehun urteko ikastetxe baten ibilbide historiko laburra

Mariaren Lagundia, 1607.urtean, Juana de Lestonnac-ek sortzen du emakumeentzat erlijio bizitza berri bezala eta helburu espezifiko batekin: emakumearen heziketa. Heziketa esparruan aitzindari izan zen. Oso azkar zabaldu zen Frantzia guztian zehar, horrela Bartzelonara iristen da 1650.urtean eta Tuterara 1687.ean.

Mariaren Lagundia ikastetxea ilustrazio garaian sortzen da, 1799. urtean, tuterako fundazio bezala. Aipatutako fundazioa, XVIII. mendean hezkuntza kezka handiak zituen herri baten marko soziokulturalean kokatu behar da. Ardura horren adierazgarri dira sortzen diren hiru instituzioak: Jesuiten ikastetxea (1593-1737), Soledadeko nesken seminarioa (1732-1799) eta Erret Mintegia (1776-1804).

Soledadeko mintegia, izen berbereko ermitaren babesean sortzen da Clara Berroeta frantziskotar hirugarrendarraren ardura hezitzaileari esker. Honek, beste kide batzuekin batera, ermita horren ondoan dagoen etxera erretiratzeko baimena eskatzen du udaletxean helburu honekin: “nahi zuten neskatila eta emakumeei irakurtzen, idazten eta mota guztietako lanak egiten irakatsi eta baita ohitura kristauak mantentzen ere” .

Seminarioko zorigaitzek, zailtasun ekonomikoek eta pertsonal ez gaituak herria asko arduratzen du. Beraz, patronatua Calahorrako gotzainari eskaintzen dio helburu honekin: “ se sirba disponer ai una enseñanza como la de Tudela y Zaragoz a ” . Urte batzuk beranduago, Magdalena de Goizuetak , Mariaren Lagundiako moja, erlijio profesa egin zuenean, bere ondasun guztiak Soledadeko seminarioa Enseñanzako komentu bihurtzeko uzten ditu. 1762.urtean sortzen diren hainbat zailtasun larrik , hogeita hamazazpi urte atzeratzen dute sorrera. Mariaren Lagundia eta Jesusen Konpainiaren, Karlos III.ak 1767.an Espainiatik kanporatua, artean dagoen kidetasunagatik besteak beste.

Karlos IV.ak 1793.urtean Erret Zedula sortzea baimentzen du: euskal probintzietan gazteentzat dagoen eskola publiko faltagatik, sortu diren herrietan Enseñanzako erlijiosek hezkuntza publikoan egin duten mesedeagatik eta honek, Estatuaren zoriontasunean duen eraginagatik ” .

Bergarako Etxeak XIX. mendeko errealitate politikoa oso gertutik bizitzen du eta desamortizazio neurrien ondorioak jasaten ditu. 1850.urtetik aurrera nesken ikastetxe bezala ezagutzen da eta bere ospeak gure mugak igarotzen ditu, nazio mailan eta nazioartean izen ona lortuz. 80. hamarkadan, ordea, klausurak eta hiri handietan kokatzen diren beste kongregazio eta heziketa instituzio batzuk, eragina dute barnetegiko jendearen gutxitzean. Bere eskola publikoa, herriko nesken eskola bakarra da XX. mendearen zati handi batean.

XX. mendean azpimarratu behar dena, egokitzeko eta berritzeko duen gaitasuna da. Klausurako monasterio bezala sortzen da, egitura bikoitza duen eskola komentu bezala: eskola eta barnetegi. Ondoren neskentzako dagoen udal eskola bakarra bihurtzen da eta azkenik neska zein mutil hezten dituen ikastola izatera iristen da.

Azken berrogei urteotan eman den zabaltze prozesua honako arlo hauetan ikusten da nagusiki: herriko giza errealitatean integratzean, heziketan pertsona laikoen agerpenean, euskalduntzean, berrikuntza pedagogikoetan, teknologia berrien erabilpenean eta ahulenei eskainitako arretan.

Bergarako Etxeak gertutik bizitzen du XIX. mendeko errealitate politikoa eta desamortizazioaren ondorioak pairatzen ditu…

Eskola publiko jendetsu hau herriko nesken eskola bakarra da XX. mendeko zati handi batean.

Mariaren Lagundia Ikastola Bergaran errotutako ikastola integrala da. Heziketa proiektu erlijioso eta euskalduna oinarri izango dituen erreferentziazko eskola izan nahi dugu. Bertan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Hezkuntza eta Goi Mailako Heziketa Ziklo bi eskaintzen ditugu, Haur Hezkuntza eta Gizarte Integrazioa, hain zuzen ere.

Gure berezko ezaugarri dira:

  • hurbileko eta urruneko errealitateari irekita egotea, ikusi, aztertu eta aldatzeko asmoz,
  • pertsonari buruzko ikuspegi humanista, bera izanik hazkuntzarako eta garapenerako ardatz, beti ere, besteekin harremanean
  • heziketari buruzko ikuspegi eraikitzailea izatea.

Mariaren Lagundia Ikastolako heziketa prozesuaren xedea, ikasleen garapen integrala lantzea da. Hau gizakiaren gaitasunak ahalik eta gehien garatuz lantzen dugu; indibiduo gisa, gizarteko kide gisa eta naturako partaide gisa. Horregatik, ikasleak pertsona autonomo, solidario, kritiko, ekintzaile eta sortzaileak izateko urratsak ematea da gure erronka.

HELBURUAK

Ondorengo hauek lortzeko gogor lan egiteko konpromisoa hartzen dugu:

  • Kristau balore eta jarreratan oinarritutako hezkuntza da gurea. Espiritualtasuna pertsonok daukagun eta jorratu behar dugun beste dimentsio bat dela ulertzen dugu. Kristau jarrerak bideko mugarri hartuta, norbere burua onartzean umiltasuna eta besteekiko harremanean solidario izatea garrantzitsutzat jotzen ditugu.
  • Euskal Herriko errealitate soziokultural eta linguistikoan txertatuta gaude, euskara gure herriko ondarea dela ulertzen dugu, eta, beraz, Euskara eta Euskal Kulturaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.
  • Elkarrekin bizitzen eta lankidetzan errotutako hezkuntza sustatzen dugu gizarteko aldaketetara irekita egonda.
  • Guretzat balioak dira; kulturartekotasuna, solidaritatea eta laguntzarik jasotzen ez duten pertsonei arreta berezia eskaintzea. Eskola konpentsatzailea izan nahi dugu.
  • Pertsona ekintzaile, sortzaile eta zentzu kritikodunak garatzen laguntzea da gure hezkuntzaren xedea.

ARDATZAK

Mariaren Lagundia Ikastolaren gure proiektuan ondorengo lau arloei buruz daukagun ikuspegia oinarrizkoa da gure lanean:

Pertsonak

Gure lanaren abiapuntua pertsona bera da. Etorkizuneko herritar aktiboak egiteko, ikasleen beharretan oinarritutako heziketa global, anitz eta koherentea burutzen dugu.

  • Norbere hezkuntzaren protagonista

Ikaslea bera, bere beharrak, bere egoera, bere errealitatea dira gure abiapuntua.

  • Ikasten eta pentsatzen ikasi

Gizarteak aurrera egiteko oztoporik handiena irrazionaltasuna denez, behar-beharrezkoa da ikasten eta pentsatzen jakitea, hau da, iritzi kritikoz jokatzen jakitea.

Harremanak

Harremana elkarren artean ematen den prozesu bat da, non pertsona guztiak aberasten diren (garen). Harremanek eta elkarrizketek auto-estimua eta elkarrenganako konfiantza bideratzen dute.

  • Aniztasuna

Pertsonen eta taldeen arteko ulermenerako faktore ezinbestekotzat ulertzen dugulako, bere aberastasunaz baliatzen gara heziketa lanean.

  • Gertutasuna eta hartu emana

Haurren heziketa, familia eta ikastolaren arteko elkarlana denez, komunikazioa eta lankidetza sustatuko ditugu.

Elkarbizitza

Pertsona bat ezin da bakarrik hezi, testuinguru batean eta beste batzuekin batera hezten da. Hau lortzeko, garrantzitsua da elkarrekin bizitzen ikastea eta bestearen tokian jarriz errespetuzko jokaerak izatea.

  • Eskola irekia

Herrira eta mundura irekitako ikastola. Errealitatera egokitutako hezkuntza.

  • Berrikuntzei egokitua

Garai berriei aurre egiteko proiektu eta metodologia eguneratuak.

Bizitza

Egungo mundua ezagutu, ulertu eta aldarazteko konpromisoa sustatzea da gure erronketako bat; garapen jasangarria, solidaritatea, erantzukizuna… landuz.

  • Gizarteko erronkak aztertu eta konpromisoa sustatu

Errealitate ezberdinak ezagutu pentsamoldeak irekitzeko eta ikasleak izaki pentsakor eta konprometituak bilakatzeko bidea zabaldu.

  • Berdintasuna bultzatu

Desberdintasunaren onarpena funtsezkoa da berdintasunerantz gerturatzeko. Hau hezkidetza, kultur ezberdinak, sinismen ezberdinak…landuz jorratzen dugu.

  • Etengabeko prestakuntza

Gizartea etengabe aldatuz doalako, beharrak ezberdinak direlako, teknologia aurreratzen delako… formazio iraunkorra egiten dugu.

BALIO PEDAGOGIKOAK

  • Ikasten ikastea: ikaslea izan dadila prozesu dinamiko elkarreragilearen barruan protagonista, bere irakaskuntza eraikitzen duen bitartean.
  • Norbera izaten ikastea: autoestimuaren eta ikaslearen nortasunaren garapena bideratzea, autonomia, erantzukizuna eta lankidetza garatuz.
  • Elkarbizitzen ikastea: elkarrekin bizitzen eta taldetan lan egiten ikastea, bizitza eta giza bizikidetza arautzen duten kristau balioak kontuan hartuta eta horien arabera jardunda.
  • Pentsatzen, bereizten eta izpiritu kritiko konstruktiboa izaten ikastea.
  • Ekiten ikastea: ahaleginaren eta jarraikortasunaren bitartez egiten eta ekiten ikastea.
  • Komunikatzen ikastea: ikaslea bera pentsatzen duena adierazteko estrategia ezberdinak erabiltzeko gai izan dadila.

 Gure ikasleak zoriontsu, kriteriodun, kritiko, arduratsu, abegitsu, laguntzaile eta sortzaile izatea nahi dugu.

Zeregina

Mariaren Lagundia ikastetxe euskaldun eta erlijiosoa da. Gure helburua ikaslearen hezkuntza integrala da, gizartearekiko ikuspegi humanista eta konprometituan eta pedagogia konstruktibistan oinarritutako hezkuntza non ikaslea irakaskuntza ororen erdigunea den. Horretarako, gizarte-errealitatera irekita gaude, behatu, aztertu eta berritze aldera.

Ikuspegia

Berrikuntza pedagogikoa kontuan hartzen duen bi lerroko ikastola da, non oinarri pedagogikoa, etengabeko metodologien ezarpenarekin bat etorriz, irakaskuntzaren ikuspegi konstruktibista den. Aldi berean, ikastolak euskararen aldeko apustu sendoa egiten jarraituko du, Lanbide Heziketan D eredua erabat ezartzearen aldeko urratsak emanez, eta bizitzaren ikuspegi kristauaren ondorioz konpromiso soziala bereziki lantzen duena.

  • Familien beharrei erantzuteko, gero eta eskolaz kanpoko zerbitzu gehiago eskaintzen duena.
  • Pertsonen dinamismoan, komunikazio on batean, guztien ekimen eta esku-hartzean oinarritutako barne-funtzionamendua duena; horretarako lanbide-prestakuntza zein prestakuntza pertsonala zainduko duten prestakuntza-plan egokiak izanik.
  • Eredu hirueledunaren aldeko apustu sendoa eginda, hizkuntzak oinarri pedagogiko berarekin eta era integralean lantzen duten metodologien bitarte; eta, bereziki, euskara sustatuz, irakas-hizkuntza moduan eta barne-harremanetan eta, ahal den neurrian, kanpo-harremanetarako hizkuntza moduan, ahoz, zein idatziz.
  • Teknologia berriak sustatuz, pedagogi esparruan, zein barne-kudeaketa eta komunikazioan (barne- eta kanpo komunikazioan) sustatuz.
  • Etengabe garai berrietara egokitu nahian gabiltza, hezkuntzaren inguruko beste eremu batzuetara ireki nahian, planteatzen zaizkigun erronkei gero eta hobeto erantzun nahian, eta hori guztia, berrikuntza gure lanaren etengabeko ardatz izateko nahiaren ondorio gisa.

BALOREAK

BERRITZAILEA
Kuriosoa, berria den orotara modu kritikoan irekita egotea. Unean uneko errealitatean kokatuta.

AUTOKRITIKOA
Nor bere burua ebaluatzeko eta nor bere buruarekin zintzoa izateko gaitasuna, inor  ez dela beste inor baino gehiago eta hobeak izan behar dugula onartuz.

INPLIKAZIOA ETA KOHERENTZIA
Proiektuaren estrategia-ildoak eta horretatik ondorioztatutako planak ondo ezagutzea, horren garapenean pertsonalki inplikatuz eta lanarekiko koherentzia pertsonala erakutsiz.

INTEGRATZAILEA
Eskolako aniztasun kulturalei, intelektualei eta abarrei erantzuteko erabili behar duen modua. Eskola-sistema ikasleen beharretara egokitu behar da, ikasleak sistemara egokitu beharrean.

SOLIDARIOA
Enpatiatzat ulertuta ondoan ditugunekin hasi eta urruti daudenetara iristea. Laguntza beharrean egotea arlo ekonomiko, psikologiko, intelektual edo gizarte alorrekin zerikusia dutenekin lotzen dugu.

EUSKALDUNA
Euskal gizarte, kultura, hizkuntza eta ohituretan barneratuta

LEGE ESPARRUA

DATUEN BABESERAKO LEGE ORGANIKOA

MARIAREN LAGUNDIA IKASTOLAk Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak dioena betetzen du. Hala, matrikula eskaera egitean sinatzen den klausulak (ikusi klausula) jasotzen duen eran, ikastolan jasotako datuak bere jarduerari lotutako helburuak betetzeko bakarrik erabiliko ditu.

Datu pertsonalak dituzten artxiboak Datuak Babesteko Agentzian izena emanda daude eta beraien jabe MARIAREN LAGUNDIA IKASTOLA da. Bere helbidea Bergarako Espaloia 1 20570 da.

Datu pertsonalak babesteari buruz, MARIAREN LAGUNDIA IKASTOLAk legezko betebeharrak onartzen ditu, bereziki hurrengo bi eremuetan:

  • Datu pertsonalei buruzko fitxategia edo tratamendua eta datuak biltzearen helburua.
  • Sarbide, zuzenketa, ezeztapen eta aurkaritza eskubideak gauzatzeko aukera.

CURRICULUMak

Lan poltsa osatzeko curriculumak bakarrik web guneko “Lan poltsa” atalaren bidez jasoko ditugu. Datu pertsonalak, zuk gure esku utzitako CURRICULUMean jasotakoak eta hemendik aurrera gure esku utziko dituzunak edo datuak tratatzearen ondorioz sortuko direnak, Bergarako Espaloia 1 kalean dagoen MARIAREN LAGUNDIA IKASTOLArena den fitxategi batean sartuko dira. Hala, baimena ematen diozu aipatutako enpresari datu horiek modu automatizatuan edo ez automatizatuan tratatzeko, langileak hautatzeko prozesuan erabili ahal izan ditzan.

Jakinarazten dizugu datu horiek erakunde publiko zein pribatuei laga ahal izango dizkiegula, baldin eta konpainiaren helburu sozialarekin zuzenean nahiz zeharka erlazionatutako helburuak betetzeko baldin bada.

MARIAREN LAGUNDIA IKASTOLA enpresak zure datuen konfidentzialtasuna bermatzen du eta bere gain hartzen du enpresa barnean ezarritako lege betekizun guztiak betetzeko betebeharra.

Jakinarazten dizugu, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraiki, zure datuak kontsultatzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien kontra egiteko eskubideak baliatzeko beherago daukazun DATUEN ZUZENKETA atalean prozedura zehazten zaizula.

DATUEN ZUZENKETA

Erabiltzaileak edo eskuordetzen duen pertsonak, baita gurasoek edo tutoreek ere edozein unetan sartzeko, berresteko, deuseztatzeko eta, hala badagokio, kontra egiteko erabakia har dezakete, Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoak eta gainerako araudi aplikagarriak xedatutakoarekin bat. Horretarako, idatziz jakinarazi beharko dio MARIAREN LAGUNDIA IKASTOLAri. Halakoetan DATUEN ZUZENKETA dokumentua bete beharko da eta erabiltzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentuarekin batera ikastolako idazkaritzan entregatu.

OSASUN PROTOKOLOA

2014-1015 ikasturtean martxan jarri genuen protokoloaren berri eman nahi dizuegu. Adin hauetan osasunak berebiziko garrantzia dauka. Hori horrela izanda, erne egon behar dugu. Ikastolako haur guztien osasunaren alde egiteko helburuarekin bertan informazio hauek aurkitu ditzakezue. 

Eskola Kontseiluan onartu den protokolo hau urriaren 16ko 222/2001 dekretuaren 12. artikuluan oinarrituta erabaki da. Hori horrela izanda, Mariaren Lagundia Ikastolan, 0-6 urte bitartean Dalsy edota Apiretal emateko aukera eskaintzea erabaki da.  Etapa horretan soilik ematearen arrazoi nagusia, haur txikietan sukarra bat-batean igo daitekeela da. Horretarako, “Dalsy– Apiretal 0-6 urte” izeneko dokumentua sinatzea eta irakasleari ematea ezinbestekoa da. Horrez gain, adierazi nahi da, eman aurretik beti gurasoei deituko zaiela, alde batetik, botika emango dela jakinarazteko, eta bestetik, haurrari beharrezko arreta emateko.