Hasiera » H. Eskaintza »

2000-2001 ikasturtetik martxan dago gure Haur Eskola. 7 gelaz osaturik dago, 2 gela 0-1 urte bitartekoak, beste 2 gela 1-2 urte bitarteko haurrekin eta 3 gela 2-3 urtekoekin.

Etapa honetan helburu nagusitzat honako hauek ditugu:

  • Egokitzapen on bat lortu, haurrari giro atsegin eta seguru batetan dagoela senti araziz.
  • Bakoitzaren une ebolutiboa kontuan hartuz, eta bere erritmo biologikoa errespetatuz, bere gaitasunen garapen egokia lortu,autonomia, ingurune fisiko, sozial eta komunikazio arloetan.
  • Familiak inplikatu ikastolaren zereginetan, umearen garapenean duten arduraz jabetuz.

Gure heziketa

Gure Haur Eskolaren eginkizun eta helburu nagusia 0 – 3 bitarteko haurren heziketa eta garapen integrala lortzea da.

Garai honetan, elkarrekiko harremanak gauzatu eta estimulatzeko ezinbestekoa da umea segurtasuna ematen dion giro atsegin batean haztea, era berean giro honek norbere irudi baikorra eta erreala garatzen eta gertuko ingurua ezagutzen lagunduko diona. Zentzu honetan, haurtzaindegian dagoen denboraren banaketa, umearen behar ezberdin eta aldakorrei egokituta dago, bakoitzaren erritmo biologiko eta beharrak errespetatuz. Segurtasun giro hau lortzeko familia eta gure arteko harreman estua bideratzen dugu.

Kontutan izanik, garai honetan pentsamendua eta akzioa bana ezinak direla eta manipulazio, jolas eta esperimentazioaren bitartez, haurrak beren burua eta inguruan duten errealitatea ezagutzen hazten direla; jolasa izango da guzti hauek lortzeko erabiliko dugun tresna.

 

 

 

Etapa honetan landuko ditugun proiektuak hauek dira:

Psikomotrizitatea

Psikomotrizitatea deitzen diogu akzioaren bitartez norbera besteekin eta objektuekin harremanetan jarriz ematen den garapen psikologikoari. Garapen psikiko hau arlo kognitiboari eta arlo afektiboari dagokio, norbere burua ezagutuz bere autonomia garatuz eta besteekin sozializatuz.

Psikomotrizitatea oso baliagarria da garapen intelektualarentzat; besteak beste, umeari lagunduko dio espazioaren eta denboraren nozioak bereganatzen, gorputz-eskema eta lateralitatea ulertzen eta abar. Garapen afektiboari dagokionez, berriz, iniziatiba eta berezkotasuna garatzen lagunduko dio, inprobisazioa landuko du, behin eta berriz saiatu beharra landuko du, ikasteko motibazioa, norbere emozioen adierazpen eta kontrola, auto-estimua, frustrazioaren onartzea, txandak errespetatzeko gaitasuna, besteenganako eta besteen iritziekiko errespetua, e.a.

Horregatik guztiagatik, astero tarte bereziak eskaintzen dizkiogu arlo honi.

Txokoak

Hezkuntzaren etapa honen ezaugarririk nabarmenetako bat da umeen harremanak modu orokorrean direla eta ikasi ere modu orokor horretan ikasten dutela. Inguruarekin dituen harremanak eta egokitzeko duen era ere bere garapen pertsonalaren arabera aldatuko dira; bere pertsonalitatea, bere arlo afektibo eta emozionala, sentsoriala eta motorea, bere harreman sozialak, kognitiboak eta hizkuntzazkoak garatzen diren neurrian hain zuzen ere. Ezin dira garatu bakoitza bere aldetik, denak lotuta doaz.

Garapen hau ahalbideratzeko, manipulazioa eta elkarrekintza ziurtatuko duen antolaketa era eskainiko diegu, hau da TXOKOAK: (zirkulazio librea)

  • Plastika
  • Etxea
  • Mahai jolasak
  • Eraikuntzak

 Topaguneetan elkartuko gara denok, denon artean hainbat ekintza burutzeko eta elkarrizketak izateko.

Euskara

Gure euskalkia izango da etapa honetan erabiliko dugun hizkuntza; eguneroko bizitza arruntean eta era funtzionalean erabiliko dugu:

  • komunikatzeko
  • harremanetarako
  • ikasteko
  • gozatzeko

Honekin esan nahi dugu geure euskalkiari lehentasuna emango diogula eta honen erabilera eta kalitatea hobetzen saiatuko garela bereziki, beste hizkuntzak errespetatu eta baloratzen ditugun era berean.

Horretarako:

  • Ikasleei segurtasuna emango dien eta komunikazioa erraztuko duen giroa sortzen saiatuko gara.
  • Euskararen erabilera funtzionala eta instrumentala izan dadila sustatuko dugu.
  • Haurrei euskaraz zuzentzen zaizkien mezuak ulertuko dituztela ziurtatuko dugu.
  • Haurren ahozko ekoizpenak izan daitezela bultzatzen ahaleginduko gara.

 

Informazioa

 

Haurtzaindegiarekin lotura daukaten beste dokumentu batzuk, Dokumentuak Atalean aurkituko dituzue: Egutegia,...